top of page

Bidaia handi baterako plan ekonomikoa

  • Writer: Nakama
    Nakama
  • Jul 21
  • 2 min read

Urtebetez Latinoamerikan ibiltzeko abenturari ekitea erabaki genuenean, bagenekien erronka handienetako bat gure aurrekontua zaintzea  izango zela, bidaiaren esentziari uko egin gabe: leku berriak deskubritzea, ikastea eta gozatzea.

Beraz, plan malgu bat diseinatu genuen, aurreztea "luxu kontziente" txikiekin konbinatzen zuena, eta, horrek, poliki bidaiatzea, tokiekin eta bertakoekin gehiago konektatzea eta esperientziaz ahalik eta gehien gozatzea ahalbidetu zigun.

Gastuen jarraipen bat izateko herrialde bakoitzeko eguneroko gastuak jasotzen zituen Excel dokumentu bat sortu genuen, atal desberdinetan banatuta zegoena; janaria, ekintzak, garraioa, alojamentua... modu honetan, gure aurrezkiak non inbertitzen genituen ikusi ahal izan genuen.


Erabaki nagusietako bat beti autobusez mugitzea izan zen. Honela, mugimenduak merketu ahal izan genituen, izan ere barneko eta nazioarteko hegaldiak hartzea baino merkeagoa zen, eta, gainera, esperientzia berezia bihurtu zen: errepidean orduak igarotzeak, lurreko mugak zeharkatzeak eta bertakoekin ibilbideak partekatzeak, ingurunea beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera eman zigun. Batzuetan bidaia luze eta astunak izan ziren, baina "galdutako ordu" hauei etekina ateratzen ikasi genuen, baita disfrutatzen ere. 

Autobuseko bidaia
Autobuseko bidaia

Beste funtsezko estrategia bat leku desberdinetan boluntariotza egitea izan zen. "Workaway" izeneko plataforma ezagutu genuen, kultur elkartrukerako, boluntariotzarako... komunitate bat, non proiektu desberdinak bilatzen genituen horietan parte hartu ahal izateko. Era guztietako lanak egin genituen, gu horietan adituak izan gabe; ostatuetako harreran, argazkilari, margolari eta sukaldari bezala, haurrekin eta haien amekin lan egiten zuten GKE bateko bolondres bezala, hostel bateko sare sozialetarako eduki-sortzaileak ere izan ginen... Horri esker, ostatuan aurreztu ahal izan genuen, eta, aldi berean, bizi ginen komunitateetan aktiboki parte hartu genuen.

Esperientzia honek ezagututako leku bakoitza barrutik ikusteko aukera eman zigun, gaur egun oraindik mantentzen ditugun harremanak sortuz. Eta, gainera, oso aberasgarria izan zen, ezagutzen ez genituen trebetasunak deskubritu genituelako, eta gure erosotasun-eremutik atera gintuen ikaskuntza handi bat izan zen.

Gastuak murrizten ere saiatu ginen, leku bakoitzean kostu handiagoko esperientzia bat aukeratuz eta esperientzia hortaz topera gozatuz. Horrela, bidaian zehar urpekaritzarako leku desberdinak aukeratu genituen, sumendi batera igo eta bertan gaua pasa genuen, oihanean zegoen abentura-parke batera joan ginen... 

Gainerako egunetan doako edo kostu txikiko planak bilatzen genituen;  tokiko merkatuetan ibiltzea, mendi-ibililaldiak egitea edo herrietako eta hirietako kaleetan galtzea.

Mexikoko merkatu bat
Mexikoko merkatu bat

Azkenik, lo egingo genuen ostatuak aukeratzerako garaian guretzat oso garrantzitsua zen zerbait bilatzen genuen; sukalde partekatua izatea. Horrela, janarian ere aurreztu ahal izan genuen, gure otorduak prestatu ahal izaten genuelako. 


Horrez gain, logela partekatuetan lo egiten genuen, batzuetan 4, 6 eta 10 pertsonekin partekatuz. Ez zen erosoena, baina aurrezteko eta aldi berean jende gehiago ezagutzeko modu bat zen.


Bidaiatzeko modu horrek urte oso batez bidaiatzea ahalbidetzeaz gain, gauza sinpleak baloratzen eta jendearekin eta tokiekin modu berezi batean konektatzen irakatsi zigun.


Comments


bottom of page